Los Llares – Barcena Mayor. La Guarda (1086 m). Cantabria.

Urriak 18

Prezioa: Bazkideak, 10 €; ez bazkideak, 15 €.
Izen-ematea: Urrial 8 (bazkideak bakarrik), 13 eta 15.
Irteera: 07:00, Olleria kaleko autobus-geltokia.

 

LOS LLARES-BARCENA MAYOR. LA GUARDA (1.086 m.)

La Braña del Moral mendi goialdeko belardi handia da, Barcena Mayor mendilerroaren goiko partea hartzen duena, Saja eta Besaya ibaien arroen artean. Udako hilabeteetan, ehunka abelburu bideratzen dituzte larre horietaraino mendi barrenetako herrietatik abiatzen diren ibilbideetatik. Larre edo belardi handi horren erdian, Moraleko Ama Birjinaren ermita dago,  atxikitako aterpe libre txiki bat duena. Elezaharrak dioenez, zezen batek adarrekin arakatzen aurkitu zuen Ama Birjinaren irudia.

Gu Los Llares herrixkatik abiatuko gara (245 m.), Besaya ibaiaren alboko haran baten barrenetik. Hemen,  balizatutako ibilbide bat hasten da, Moraleko Bide Zaharra, Las Cortes errekatxoaren ibilbideari jarraitzen diona. Bertan, ur-jauzi txikiak ikusiko ditugu haritza nagusi den baso hostotsu baten erdian. Igoera leuna da, Campíoko hariztia gainditu arte, eta, ondoren, Vargonara iritsiko gara (“varga” bat aldapa handi bat da). Eguneko zatirik gogorrena da, lehenengo basoan eta gero mendi-hegal garbian. Goian, La Manzana gainaren ingurura iritsiko gara (921 m.). Hor gorosti-baso zoragarri batek ongietorria emango digu eta berriz ere indarrak berreskuratzen hasiko gara.

Honaino beste bide zuzenago batetik ere hel daiteke. Cuchío bidea da, herritik kilometro eta erdira bitan banatzen dena. Ibaia pasabide batetik zeharkatu eta igoera gogorra egin behar da gailurreria jarraituz, nahiko ibilbide panoramikoan.

Bakoitza libre izango da gehien interesatzen zaion bidea aukeratzeko. Behin gora helduta, aldapa txikiko mendilerro batetik jarraituko dugu, Cacedíoko aterpe txikia alde batera utzi eta El Moral (1.049 m.) eta Cueto Esquina (1.046 m.) mendien artetik garamatzana. Bertan, laster ermitan (990 m.) utziko gaituen pista aurkituko dugu. Eguna argia bada, Peña Sagra, Picos de Europa, Alto Campoo eta Fuentes Carrionaseko gailurreria ere ikusiko ditugu.

Aurrera jarraitzeko, ekarri dugun pistatik atzera egingo dugu hegoalderantz, La Guardako (1.086 m.) mendi-tontor belartsura heltzeko asmoz. Hortik ipar-mendebalderantz jaitsiko gara Domesmeko leporaino (951 m.), GR 71ko balizei jarraituz. Seinale horiek,  mendi-magaleko basotik zehar,  Barcena Mayorreraino (496 m.) eramango gaituzte. La Guardako gailurra alde batera utzi gura izanez gero,  zuzenean lepora doan bidezidor batetik jo daiteke.

Luzera: 15,5 km. Desnibela: 960 m. gora eta 700 m. behera (Cuchíotik igo eta gailurrak eginez).

Luzera: 17,5 km. Desnibela: 830 m. gora eta 570 m. behera (Moraleko Bide Zaharretik igota, gailurrik egin gabe).



 

Scroll to Top