Pirinioak. Robiñera (3001 m). Arriouere (2866 m)

Uztailak 6 – 7

Irteera ordua: 06:00.
Prezioak: 100 euro (bazkideak), bazkide ez direnak 125 euro
Ostatua: pentsio erdian Bielsako ostatu batean.
Plazak: 30 (gela bikoitz eta hirukoitzetan).
Txartelak: Ekainak 27 (bazkideak soilik), Uztailak 2 eta 4.

 

06/07/24 – ARRIOUÈRE (2.866 m)

Bielsako muga zaharreko Aduanako eraikinetik abiatu, Barrosa ibaia zeharkatu, eta Trigoniero haitzartetik gora doan bidezidor bati ekingo diogu, Plana de Trigonieroko larreetara iritsi arte. Inguru horretan, erreka utzi eta iparralderantz joko dugu, Moudang mendaterantz (Frantziako isurialderako pasabidea). Behin portura iritsitakoan, azken igoerari ekingo diogu diagonal bat eginez, hego-ekialderako norabidean, arroka eta harri artean gora. Ikuspegiaz gozatu ondoren, Moudangeko pasabidera itzuliko gara, eta, hemen, igoeran erabilitako bidea utzi eta Moudangeko bordetako artzain-haranera jaitsiko gara (iparralderantz). Han, pista hartu eta Moudangeko kanpinera iritsiko gara, gure ibilbidearen amaierara.

Distantzia: 21 km; desnibela: +1.600 m/-1.800 m

Track GPXTrack Wikiloc

 

07/07/24 – ROBIÑERA (3003 M)

Pinetako paradorean hasiko dugu ibilaldia, iparralderako norabidean, La Lari ibaiaren haranean gora. 1.900 metroko altueran, Muniako mendiguneak ekialderantz eginaraziko digu, eta haren paraleloan ibiliko gara Muniako laku-zuloetara iritsi arte. Puntu horretan hartzen da Robiñerako gailurrera igotzeko (igo eta jaitsi) edo ez igotzeko erabakia.

Gailurrera igo edo ez, Ateen Lepotik (Cuello de las Puertas) hasiko gara jaisten, hegoalderantz, Cloteko trokatik, GR11rekin topo egin arte; eta gero, bide horrek, ipar-mendebalderako norabidean jarraituta, La Lariko zelaietara (Llanos de Lari) eramango gaitu lehenengo, eta, azkenik, abiapuntura.

  • A aukera – Muniako lakuak + Robiñera (3.003 m)
    Distantzia: 18 km; desnibela: 2.000 m
  • B aukera – Muniako lakuak (2.580 m)
    Distantzia: 14,5 km; desnibela: 1.500 m

Track GPXTrack Wikiloc

Scroll to Top