Ekintzak

Gure urteroko ekintzak Urte Berri egunean hasten dira, Urkiolagirrera igoaz. Goizeko 11etan gailurrean egiten dugun argazkia ohitura bihurtu da. Elkarteak, jeitsitakoan, partaide guztientzako  salda bero goxoa eskainiko du Urkiolan. Nahiz eta Urte Berria egun berezia izan, 300 lagunetik gora biltzen gara.

Urteko egutegiaren barruan, ahalik eta bazkide kopuru handiena biltzeko ekintzak burutzen ditugu. Horrexegatik, ekintzak askotarikoak izaten dira. Bazkide ez direnek ere parte har dezakete, nahiz eta ordaindu beharreko ekintzetan, zertxobait gehiago ordaindu behar duten. Kasu batzuetan, gainera, bazkide direnek lehentasuna izango dute.

Ekintzok honela sailka ditzakegu:

  • Ohikoak. Ez dira aldatzen eta mota guztietako jendeari zuzenduta daude. Honako hauek dira: Urte Berri, Txitxiburduntzi, Besaide eta Elkartearen eguna eta urteko azkeneko igoera, Turroi eguna. Egun honetan partaideek elkarteak eskainitako turroi goxoa dastatzeko aukera izaten dute.
  • Mendi-ibilaldiak. Iraupen erdi-luzeko ibilaldiak dira, gailurrik gabekoak eta egun batean edo asteburu osoan egitekoak. Durangoko Udalarekin elkarlanean, Mugarri Eguna ospatuko dugu urtero, hiri-ingurua ezagutzera emateko.
  • Ibilaldiak Durangaldetik. Durangaldea hobeto ezagutzeko asmotan, gure eskualdeko gailurretara  igoko gara. Mota guztietako jendeari zuzendutako ekintzak izango dira. Udaberri eta uda sasoian egiten dugu, larunbat goizetan.
  • Mendi ertaina. Lau eta sei ordu bitarteko ibilbideak dira. Mendira goazenean egiten dugun ohiko ibilaldia da. Posible denetan, ibilbide bat baino gehiago eskaintzen dugu. Igandeetan izaten dira eta iluntzeko 8ak aldera Durangon izaten gara bueltan.
  • Goi mendia. Larunbata ondo aprobetxatzeko asmoz, goizean goiz irteten gara. Gaua mendiko aterpetxeren batean igarotzen eta igandean beste ibilaldi bat egiten dugu. Prestaketa handiagoa eskatzen du eta urte sasoiaren arabera, izotza, elurra, etab. aurki ditzakegu. Horregatik partehartzaileei garaiz jakinarazten zaie. Gaua aterpetxeren batean pasako bagenu, elkartea bera arduratuko litzateke guztia antolatzeaz.
  • Eskia. Asteburuetako ekintzak izaten dira. Ostiral arratsaldean irteten gara, larunbat eta igandea aprobetxatzeko. Ostatua aurkitzeaz elkartzea arduratzen da. Irteerak, normalean, Candanchura egiten ditugun arren, Formigal eta Baqueirara ere joaten gara.
  • Ikastaroak. Ez dute data zehatzik, burutu baino lehen ematen da abisua. Normalean, mendi eskia, iraupen eskia, orientabidea, eskalada eta argazkigintza arloko gaiak izaten dira.
  • Diapositiba emanaldiak. Ez dute data zehatzik. Aldez aurretik abisatzen dira.
  • Elkarte artekoak. Bai gure bazkideentzat zein beste elkarte batzuetako mendizaleentzat antolatzen dira. Informazioa Federazioko beste elkarte guztiei bidaltzen zaie eta parte hartzeko derrigorrezkoa da federatuta egotea. Ekintzak ondokoak dira:
    • Durangaldeko gailurrak. Urriaren lehenengo igandean izaten da. Gure elkarteak antolatzen duen gizarte-ekintza zaharrena da. 30 alditan baino gehiagotan antolatu dugu. Durango inguruan egiten den martxa da. Erdi eta goi-mendian aritzen diren mendizaleentzat aproposa.
    • Eski ibilbideak. Urtero antolatzen da Pirinioetan. Federazioaren egutegian agertzen da.

Informazio gehiagorako urteko ekintzen egutegia ikusi