Urtarrillak 19
Prezioak: bazkideak 10 € (autobusean 15 €), bazkide ez direnak 15 €.
Txartelak: Urtarrilak 9 (bazkideak soilik), 14 eta 16
Irteera: Olleria kaleko autobus geltokian, 08:00
Tramite hutseko etapa, non lehen 15 kilometroak landatutako baso eta lokaztutako bideetan aurrera egingo dugun.
Bakiotik aldapan gora abiatuko gara eta kilometro eskasean 140 metroko garaierara iritsiko gara. Gaztelugatxe eta Bakio bistan ditugula, atseden apur bat hartu dezakegu bideak eskaintzen duen atseden gune batean.
Hemendik eta errepidea aurkitu arte, ibilbidea zertxobait leuntzen da, baina berehala, karretera zeharkatu ondoren, berriz ere aldapa gogorren bat gainditu beharko dugu, atsedenleku batera iritsi arte. Berriz ere Gaztelugatxe eta Bakio bistan ditugula, indarrak berreskuratzeko aukera bertan (4,2 km).
2 kilometrotako jaitsiera gogorraren ondoren, errepidera irtengo gara berriro.
Bertatik jarraituko dugu pixka bat, gurutzatu eta Lemoizko Sarakoetxe auzora helduko gara (7,8 km).
Auzoan aurrera, azken baserriko langa zeharkatuko dugu. Eguneko hurrengo aldapa gogorrari ekingo diogu, lokatzetan aurrera Urizarmendi gailurrera iritxi arte (294 m). Dagoeneko 9 kilometro eta 670 metroko desnibela gainditu ditugu.
Armintzara jaitsiko gara basolanek erabat apurtu eta lokatzez jositako bideetan aurrera eginez. Herrian bertan (12,2 Km) hamaiketakoa egiteko aukera izango dugu.
Armintzatik irten eta eukaliptoak ezker-eskuin ditugula, oraingoan ere aldapan gora Ermua mendiaren magalera iritxiko gara (Km 15).
Ermua mendiaren tontorra baino lehen artadi txiki batean sartuko gara, eta arteak lagun ditugula, tontorra lehenik eta gero postontzia bisitatuko ditugu. Dagoeneko 15 kilometro eta 1000 metrotik gorako desnibela eginak ditugu.
Aldapan behera, estropozu ez egiteko arreta jarriz, Gorlizko itsasargira (Billano lurmuturra) jaitsiko gara (Km 17). Eguratsa eta gogoen arabera, desnibel apur bat gehitzen duen kostako bidea (Larragan, bide ofizial) hartuko dugu edo karreteran bera sartuko gara Gorlizera, erietxe ingurura.
Gorlizetik Plentziako “zubi berriraino” 2,5 kilometro geratzen zaizkigu, bertan 22,5 kilometro burutuko ditugularik.
Oharrak: Lokatz asko dago bidean. Bota altu eta makilak eramatea erabat gomendagarria eta aukeran polainak ere. Metatutako desnibela ere ez da txantxetakoa.
Distantzia: 22 km.
Igoera/jaitsiera metatua: 1125 m.