Otsailak 27
Lekua eta ordua: Landa Eder (10:00)
Izen ematea: Otsailak 24, eguena (19:00)
Otsailaren 27an bertako zuhaitz landaketa baten parte hartu nahi duten familiekin hitzordu bat dugu, Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean antolatutako jarduera berezian. Landa Ederreko atseden-eremuan elkartuko gara goizeko 10:00etan, eta bertatik Katazkarantz abiatuko gara oinez.
Behin Katazkan, Lurgaiako lagunek landaketa egiteko beharrezkoak diren tresnak banatu eta landaketa-gunera hurbilduko gara astiro. Lanari ekin aurretik, bertako basoaren garrantziaz ikasi eta helburu hori lortzeko landaketa nola egin behar dugun azalduko digute.
Zer eraman behar duzue? Ura ogitartekoa eta gure inguruko paisaiaren kontserbazioan laguntzeko gogoa eta prestutasuna, besterik ez.
Lurgaia Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta biodibertsitatearen kontserbazioa eta natura-ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu: espezieak, habitatak, lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia. 450 hektarea inguru kudeatzea lortu du, jada eta lursail horiek, Fundazioaren estatutuen arabera, kontserbazio zorrotzerako erabiliko dira, eta ez dira erabiliko erauzketa-etekin ekonomikoa edo bestelako etekinak lortzeko.