Topinburu (596 m) eta Galadaramuño (664 m) (Z) (M)

Martxoak 22

 

Goizeko irteera hau egiteko trena baliatuko dogu, Eibarko Azitain geltokitik urten eta Ardantzakoan amaituz. Helburu doguzan tontorrak, aldiz, Soraluze eta Elgetari dagokioz.

Lekua eta ordua: 8:35, Durangoko tren geltokiko nasan

Ibilbidea: Azitain – Salbadore – Santiago – Galdaramuño – Ardantza.

Distantzia: 12 kilometro

Igoera/Jatsiera metatua: 710 metro

TRACK GPX          TRACK WIKILOC

Eibarrera trenean gerturatu eta bertako azken geltokia dan Azitainen jatsiko gara. Errepidea gurutzatu, eta behin erreka gainetik pasatuta, Andra Mariren Jasokundeko ermita berezira hurbilduko gara. Beste behin erreka zeharkatu eta, autopista azpitik zuzenean mendian gora abiatuko gara, porlanetik hasieran.

Gorantz egin ahala, inguruetako bailara eta mendien ikuspegia zabaltzen joango da eta gozatu ederra hartuko dogu. Horrek laguntzen gaitu eguneko lehen tontorra izango dan Illordo (541 m, 3,5 km) erdiestera, Soraluzeko lurretan.

Indarrak apur bat berreskuratu eta Eibar eta Soraluze arteko mugan zehar aurrera egingo dogu. Eroso helduko gara Eibarko Salbatore ermitara (5 km) eta bertan txoko ederra daukagu aterpean hamaiketako txiki bat egiteko.

Hemendik aurrera bi aukera: Bergarari dagokion Topinburu gailurrera igo geinke (596 m) edota, erosoago, bere magaletik doan GR 121 Gipuzkoako Biraren marka zuri-gorriak jarraitu, Eibar eta Bergara arteko mugatik. Bi aukerek apur bat aurrerago egingo dabe bat, Elgetako Azurtza auzora doan errepidean (6,5 km). Azurtzan dogu Done Jakue ermita, eguraldiak lagundu ezkero, atseden hartzeko beste leku interesgarri bat, Galdaramuñorako igoerari ekin aurretik.

Eguneko puntu gorena dogu Galdaramuño, bere 644 m pasatxoekin. Bertara heldu bitartean, inguruko mendien ikuspegi zabalak izango doguz bidelagun. Tontorrean 8 km eginda izango doguz eta eguneko jatsierari ekin beharrean gara, Eibar 100 metro eskaseko altueran bait dago.

Bidezidor estuak Laupago (553 m) muinoaren magalera garoaz eta hemen beste bi aukera azaltzen jakuz: Mendiko bizikletek jatsierak egiteko aprobetxatzen dabezen xendra estuetan behera abiatu gaitezke, basoan barrena, edota pista zabalagoak aukeratu. Batak zein besteak desnibel ederrak ditu, eguraldiaren araberakoa izango da erabakia.

Jatsiera tentuz egin ondoren Ipurua inguruetan agertuko gara, bertatik zezen plazara joango gara eta azkenik, Untzagara. Bertan, Durangora bueltatzeko autobusa eta trena, aukeran.

 

Oharrak:

  • 14:00 inguruan Eibarren egotea espero da.
  • Tarte laburrean asko igo eta jasten dan ibilbidea da, zati oso labankorrekin. Oinetako egokiak eroan, makilak ere gomendagarri dira.

 

 

Scroll to Top