Apirilak 17 – 21
Prezioak: bazkideak 2024/12/31n: 285€. Gainerakoak : 385 €.
Irteera: 06:00
Txartelak: Otsailaren 4tik aurrera.
LEHENENGO EGUNA. CAIMODORRO (1936 m).
Caimodorroko gailurra Montes Universales mendilerroko puntu altuena da, Guadalajara eta Teruelgo probintzien arteko mendigunean. Bertan daude, pinu arlo handiz beteta, alde horretako gailur garrantzitsuenak.
Ibilbidea Orean hasiko dugu (1485 m), eta lehenengo San Kristobal ermita eta gailurrera (1862 m) igoko gara. Jaitsiera txiki bat eginda Collado de los Santos lepora (1782 m) helduko gara, ondoren Peña de la Gallina tontorrera (1885 m). Hurrengo bizkarretik (1813 m) abiatzen da Caimodorrorako (1936 m) igoera. Jarraitzeko, beste isurialdetik jaitsi eta GR 10.1a hartuko dugu. Bide horrek eramango gaitu, lehenengo, Fuente Majada de las Vacas atsedenlekura (1625 m); Tremedaleko Andre Mariaren santutegira (1762 m), ondoren, eta, azkenik, amaierara, Orihuela del Tremedalera (1430 m). Tartean dago Tremedaleko gainera (1893) heltzeko egiten den desbideraketa laburra.
Aukera laburra Orea eta Orihuela del Tremedal (1577 m) arteko errepidearen gaineko aldean hasten da. Bertan pista hartu eta Caimodorroren azpiko lepora (1813) iritsiko gara, non bat egingo dugun ibilbide luzekoekin. Aukera honetako kilometroetan ez dago kontuan hartuta Tremedal gainerako igoera.
Ibilbide luzea: 18 km; desnibela: 880 metroko igoera eta 935 metroko jaitsiera.
Ibilbide laburra: 14,5 km; desnibela: 560 metroko igoera eta 710 metroko jaitsiera.
BIGARREN EGUNA. JAVALAMBRE (2018 m).
Javalambre (2018 m) Teruelgo gailurretako bat da. Egoera bitxia gertatzen da Peñarroyarekin, biek altitude bera dute. Ibilaldia neguko estaziotik (1850 m) abiatzen da eta, hasieran, gailurreraino doan bidea hartu behar da. Pista horretatik 2 kilometro inguru ibili ondoren, utzi egingo dugu Cavero mendira (1987 m) igotzeko. Hortik aurrera, lepo garbietatik eta zehaztubako bideetatik jarraituko dugu Collado del Buey bizkarreraino (1714 m). Lepo hori Valentziako eta Valentziako Erkidegoko tontorrik altuena den Cerro Calderon edo Alto de las Barracas mendiaren beheko aldean dago.
Azkenik, Rincon de Ademuz enklabeko Puebla de San Miguel herriraino (1105 m) jaitsiko gara. Bidean zuhaitz berezi batzuk bisitatuko ditugu, Pino Vicente eta Pino del Remolque de Leña, esaterako.
Ibilbide laburra Javalambreraino igoko da, eta bertatik jarraituko du ia altuerarik galdu gabe Alto del Ventisqueroraino (2003 m). Gero, GR 10etik, Camarena de la Sierra herriraino (1300 m) iritsiko gara, Rabada Navarro aterpetik (1525 m) eta Camarena bainuetxetik (1330 m) pasatuta. Autobusa herriaren goialdean egongo da.
Ibilbide luzea: 21 km; desnibela: 490 metroko igoera eta 1235 metroko jaitsiera.
Ibilbide laburra: 11 km; desnibela: 240 metroko igoera eta 765 metroko jaitsiera.
HIRUGARREN EGUNA. PEÑARROYA (2018 m).
Teruelgo bi gailurretatik bigarrena, Gudar mendilerroan. Linares de Moratik (1300 m) abiatu eta, zuhaitz eta pinu artean, Alto del Monegrora (1957 m) igoko gara. Behin horra iritsita aldapa leunagoa da. Gero, Valdelinaresko neguko estaziotik El Conventilloko gailurrera (1997 m) helduko gara. Hortik, La Gitana (1908 m) eta La Imagen (1883 m) lepoetara jaitsi eta, jarraian, Peñarroyako igoera (2018 m) geratzen da. Ibilbidearen amaiera Alcala de la Selva herrian (1370 m) dago, aurretik Majada de la Solana (1760 m) eta Mas del Hontanarretik (1515 m) igarota.
Autobusa futbol-zelaiaren ondoko bidegurutzean egongo da. Denbora izanez gero, aukera ona izan daiteke herria bisitatzea, kilometro erdi besterik ez dago bidegurutzetik.
Aukera laburra Valdelinaresko neguko estazioan hasten da. Hortik aurrerakoa luzearen bide bera da.
Ibilbide luzea: 15,5 km; desnibela: 925 metro gora eta 855 metro behera.
Ibilbide laburra: 11,5 km; desnibela: 180 metro gora eta 780 metro beheera.
LAUGARREN EGUNA. LOS AMANADEROS.
Los Amanaderos de Riodeva Javalambreko mendialdean dagoen paraje naturala da, ur-jauzi ikusgarriak eta haitzarte sakonak dituena. Zeharkaldi laburra, osorik, GR 10etik egiten da, Riodevatik (950 m) Camarena de la Sierraraino (1330 m). Luzea, ostera, Casa de los Pradosko (1455 m) hondakinetaraino jarraitzen da GR 10etik. Ondoren, Fuente Cespede (1802 m) gainera igo behar da, eta San Paulo baseliza (1794 m). Inguru horretatik ikusten da helmuga, Camarena de la Sierra herria. Pistak eta bidezidorrak tartekatuta helduko gara bertara. Autobusa herriaren goialdean egongo da.
Ibilbide luzea: 21,5 km; desnibela: 1020 metroko igoera eta 640 metroko jaitsiera.
Ibilbide laburra: 17,5 km; desnibela: 670 metroko igoera eta 290 metroko jaitsiera.
BOSGARREN EGUNA. PERACENSEKO GAZTELUA.
Peracense Terueleko herri txiki bat da, Jiloca ibaiaren arroan eta Menera mendilerroaren azpian dagoena. Bere gazteluagatik da ezaguna. Gaztelu hori ondo kontserbatutako egitura da eta kolore gorrixkako hareharrizko formazioengatik nabarmentzen den inguruan dago.
Ibilaldi motza zirkularra da, herritik gaztelura igonda egiten dena. Luzea osatzen dutenek, ostera, gaztelua bisitatuko dute eta San Gines mendira (1601 m) igoko dira.
Ibilbide luzea: 8,5 km; desnibela: 430 metro gora eta beste horrenbeste behera.
Ibilbide laburra: 4,5 km; desnibela: 150 metro gora eta beste horrenbeste behera.