Urtarrilak 11
Eguna: Urtarrilak 11, zapatua
Lekua eta ordua: 8:45, Iurretako Aita San Miguel plazan
Ibilbidea: Iurreta – Lukuarreta – Lasiar – Momoitio – Iurreta.
Distantzia: 14 kilometro
Igoera/Jatsiera metatua: 650 metro
Iurreta eta Garaiko gailurrak
2025 urteko goizeko lehen irteera proposamen moduan Iurreta eta Garaiko buzoidun tontor bakarrak elkartzea pentsatu dogu, 14 km inguruko ibilbide batez baliatuta.
Iurretako Aita San Miguel plazatik frontoira bidean jarriko gara eta, behin autopistaren gainetik igarota, hilerritik Momoitioko San Juan ermitarantz doan bidea hartuko dogu. Hala ere, behin Garaiko Goierri auzoko hainbat baserri markatzen dauzan bidegurutzean, ezkerreko aukera hartu eta garai bateko ur hornidura instalazioetarantz joko dogu.
Berauek igarota, hurrengo pistakurutzean, berriz ere ezkerraren alde egin, eta ataka bat zeharkatuko dogu daroagun pista behin betiko itzi aurretik beherantzko joera daukan bidezidor lupeztu baten mesedetan. Beste ataka txiki bat zeharkatu (adi basarekin), eta aldatz piko bateri egingo deutsagu aurre, garai batean hondakindegi izandako lursailetan gora, zati batzuetan basak gure igoera zaildu egingo daualarik.
Pista sigi-sagatsu lupeztu bat jarraituz, Iurretako Goiuria auzoa eta Garai udalerria lotzen dauzan errepidearekin egingo dogu topo, Lukuarreta inguruetan (4 km). Errepidetik tarte labur bat eta berau gurutzatuko dogu Gallandara igoko gaituen pistaren bila, puntu larrosa batzuk gidari. Aldapa gogorretan gora, eta azken tartean, bidezidor estu eta piko bat jarraituz, Iurretako Gallanda tontorra erdietsiko dogu (5,4 km).
Orain behera tokatzen da, Gallanda eta Arakaldo artean dagoen pistaren bila non, besteak beste, bi udalerriok mugatzen dauzan 24. mugarria aurkituko dogun (6 km). Pista zabal honetan ezkerretarako norantza hartu eta lasterrera berau itzi beharko dogu pinadian barneratzen dan pista zikinago baten alde. Sigi-sagan goaz Arakaldoren magalera bidean eta, orduerdi baten buruan, haritz amerikarrek estalitako bidegurutze lupeztu batera helduko gara zeinetatik, joan-etorri azkar batean, Garairi dagokion Arakaldo tontorra erdietsiko dogun (7,5 km).
Orain adi! Zoru irristakor batean behera helduko gara Lasiar atsedengunera eta berau igarota, asfaltoan behera jarraituko dogu GR 38 Ardo eta arrainaren ibilbidea identifikatzen daben marka zuri-gorrien peskisan.
Bidegurutze batean dagoen posteak erakutsiko deusku bide egokia (9 km) eta horrela, Garaiko Momoitio eta Iurretako Amatza auzoetan barrena bueltatuko gara Aita San Miguel plazara.
Oharrak:
- 13:30ean Iurretan egotea itxaroten dogu.
- Praka luzeak eta mendiko botak eroatea oso gomendagarria da.