Bizkaiko bira. Ondarroa – Ispaster.

Ekainak 16

Prezioak: bazkideak 10 € (autobusean 15 €), bazkide ez direnak 15 €.
Txartelak: Ekainak 6 (bazkideak soilik), 11 eta 13
Irteera: Landakon, 08:00 etan.

Track GPXTrack Wikiloc

Ibilbidea

Autobusetik jaistean, gaurko zer espero dugun erakusten digun panelera joango gara. Panel hori Hondartzako Zubiaren parean dago. Zubi honek, 1980. urtera arte zubi birakari gisa funtzionatu zuen. Bertatik, Artibaiko itsasadarra zeharkatu eta Ondarroako kale estu eta aldapatsuetatik igoko gara herriaren goiko aldera. 1,5 km-ko igoeraren ondoren, ibilbidea asko lasaitzen da, kilometroak gehituz San Lorentzo ermitara iritsi bitartean. Berau Asterrika auzoan dago (Berriatua), eta iturria dago bertan (4. km).
Gure bidea jarraituko dugu, GR 123 markak lagun. Marka horiek, batzuetan, haien ondotik igarotzean baino ez ditugu ikusten. Bidea erraza da ibiltzeko, egoera onean dago eta, aurkitzen ditugun mugarrien arabera, Berriatua, Amoroto eta Mendexako lurrak igarotzen ari gara. Iturriren bat ere aurkitzen dugu bidean, baina ez da segurua ura edukitzea.
Mendexara iritsi gara, lokaztutako pista bat bere eskubitara agertzen den zidor bati esker gaindituz. Jarraian, errepide asfaltatura irten bezain laster, ezkerrera hartzen dugu (9. km). Bide seinaleztatuak ,belardi berde batzuk zeharkatzera gonbidatzen gaitu, horrela errepide zati bat sahiestuz. Errepide horretara pixka bat aurrerago itzultzen gara.
XVIII. Mendeko Leagi dorre ikusgarria inguratuta, Mendexa Aventura Park-era hurbilduko gara. Instalaziook ere inguratu egingo ditugu, eskuinetik, eta jaitsierari ekin, Lea itsasadarra eta pasealekua topatu arte. Pasealeku hori Marierrotan amaitzen da, Isuntzako zubi ederraren azpian, Mendexa eta Lekeitio udalerrien mugan.
Isuntza hondartzatik gertu igaro (13. km), eta Lekeitioko portua eta bertako taberna zoragarriak zeharkatu (ez gaitezen despistatu, oraindik ibilbide luzea geratzen da, amaiera nahiko gogor betekin), eta Santa Katalina itsasargiaren ingurura iritsiko gara (15. km), hamaiketakoa egiteko leku interesgarria.
Santa Katalinan, asfaltozko beste tarte bat ekiditeko, GR 123 ibilbidea une batez utzi, eta Maderas de Lekeitioren instalazio aurriak inguratuko ditugu eskuinaldetik, bidea mozten zaigun arte. Pista zabal bat dago hemen eskuinetara… baina ez gaitezen fida! Bertatik sartu bezain laster, ezkerrera egin behar dugu, bidexka estu batean gora. Azken hori hormigoizko pista batean amaitzen da.
Arrasto zuri eta gorriekin topo egingo dugu berriro, eta, aurreraxeago, bidezidor harriztatu bat hartu, etenik gabe igotzen dena, garai batean baleen agerpenen berri ematen zuen Talaierua zegoen eraikinera iritsi bitartean (18. km). Goraxeago, Lekeitioko Azkue Ikastolako postontziarekin behar bezala identifikatuta, Talaia (242 m) izeneko gaina aurkituko dugu.
Baina igoera ez da hemen amaitzen. Mendian gora jarraituko dugu basoan sartuta, Ehun Mendien lehiaketarako baliagarria de Otoio aurkitu arte, bere erpin geodesiko eta postontziarekin (19. km, 396 m).
Dagokion argazkia atera ondoren, tarte motz batean eta kontu handiz, lurra irregularra baita, harriztatutako bidezidor batetik jaitsiko gara. Berau errepikagailura igotzen den pistara ateratzen da. Bertatik jaitsita, Ispaster udalerrian amaituko dugu, eroso.

Distantzia: 21 km Desnibel positiboa: 890 m Desnibel negatiboa: 800 m