Historia
Gure elkartearen sorrerari buruz daukagun lehen datu idatzia 1928. urtean Euskal Mendiko Federazioak argitaraturiko Pyrenaica aldizkariko atalekoa da. Bere lehen orrian “Nuevas entidades federadas. Club Alpino Tabira de Durango” zioen. Aldizkari berean, baina dagoeneko 1929. urtean, Federazioaren partaide garela dio, beste 83 elkarterekin batera.
Datu hauek oso garrantzitsuak dira, idatzita agertzen baitira, eta sarritan jende nagusiak ere ez duelako zehatz jakiten noiz sortu zen.
Batzuek diotenez, elkartea sortzearen ideia 1934. urtean, abuztuaren 15ean Txarlazora egindako irteeran mamitu omen zen. Irteera hartako argazkia, taldekoen izenekin, elkartean daukagu. Egun haietakoak dira Durangoko Udaleko pleno bi: abuztuaren 24koan aipatzen da mendi talde bat sortzear dagoela herrian, eta hurrengo astekoan, abuztuaren 31n, Grupo Alpino Tabira izenarekin jadanik sortua dagoen taldeaz hitzegiten da. Guda Zibilarekin taldearen bizitza amaitu egin zen, eta Udaleko plenoen agiriez gain, 1935. urtean, Neberaren eraikuntzaren urteurrena ospatzeko egin zen jaiaren programa baino ez zaigu gelditzen. Ordukoa da, baita ere, Mugarran jarri zen buzoi berria.
Urteak joan ziren eta 1943.ean elkartea berrantolatu zen. Ordutik hona gure historia gure elkartearen agiri liburuetan idatzirik agertzen da, eta honela dakigu, adibidez, urte horretako hileroko kuota pezeta 1ekoa zela haur eta emakumeentzat eta 1,50koa gizonezkoentzat, eta urtearen amaieran 40 bazkide bazirela, eta 15 pezetako irabaziak izan zituztela.
Ordutik hona elkartea zabalduz joan da, mendia gozatzeko era berriak jorratuz eta beti ere naturarekiko maitasuna bultzatuz.
Ereserkia
Alpino Tabirak badu bere ereserkia, X. Amurizaren letra eta J. Eguigurenen musika duena. Partitura lortzeko hemen dago sarbidea. Beherago letra aurkituko duzu. Klubeko zazpi bazkiek, Superlegor kobazuloko lakuaren ondoan, egindako grabazioari esker entzuteko aukera daukazu. Ane Belaustegik egindako grabazioa ere entzun dezakezu gainera partitura midi artxibo batera pasatu du.
ERESERKIA – KALEJIRA (Alpino Tabirari)
Mendigoizaleak gara: haizearen oihartzuna, mendiaren erantzuna eta askatasuna, eguzki berri gorria sortaldetik sartaldera datorrena dakarrena gure etorkizuna.Eguneko lanaren nekea, burdin hautsa eta kea, gure izerdiaren lainoa gorantza arnasaren esperantza behar dugu. |
Mendigoizaleak gara: haizearen oihartzuna, mendiaren erantzuna eta askatasuna, eguzki berri gorria sortaldetik sartaldera datorrena dakarrena gure etorkizuna.Xabier Amuriza |